Bidasoa Irunek garaipen ederra lortu du bigarren itzuliko estreinakoan TM Benidorm mendean hartuta (32-27). Plenitude ASOBAL Ligako itzulerako lehen minutuak maldan gorakoak izan dira Jacobo Cuétararen taldearentzat, atzean eroso sentitzea lortzen ez zuelako eta erasoan ohikoa duen arintasuna lortzen ez zuelako (9. minutua, 2-6). Jon Azkue kapitainaren joko eta gol lidergoak 5-6ra eraman du taldea bi minutu eskasetan, eta ondorioz entrenatzaile bisitariak bere lehen hutsartea eskatu behar izan du. Bidasotarren erreakzioa eten beharrean, susperraldiak jarraitu egin du ez bakarrik norgehiagokako lehen abantailaraino, Julen Mujikaren golari esker (18. minutua, 11-10); baizik eta atsedenaldiraino: taldea lehen zatian lortutako errentarik handienarekin iritsi da (17-14).
Min hartuta dagoen Asier Nieto gabe, sorbaldako bihurrituarekin, talde bidasotarrak aurretik mantentzea lortu du amaiera bitartean. Are gehiago, bigarren zatian Alacanteko taldeak bi aukera izan ditu norgehiagoka berdintzeko. Azken txanpan, gola garesti, Jakub Skrzyniarzek egin duen penalti baten geldiketari esker taldeak airea hartu du (28-25), amaierako 32-27kora iritsi arte, lehen itzuliko 26-23koa ere irauliz.
Bidasoa Irunek Europakoa izango du hurrengo neurketa, asteartean Águas Santas Milaneza portugaldarraren aurka Póvoa de Varzimen (20:45ean, ETB4).
Fitxa teknikoa
32 – Bidasoa Irun (17+15). Harbaoui, Cavero (2), Zabala (3), Furundarena, Mitic (1), Francisco da Silva, Rodríguez (1); Skrzyniarz, Ugarte (1), Aginagalde (5), Salinas (4), Mujika (1), Azkue (9), Gorka Nieto (2), García (3), Pacheco.
27 – TM Benidorm (14+13). Roberto Rodríguez, Vujovic (2), Vainstein (2), Serrano (6), Lignieres (4), Sempere (2), Martínez (6, 2 p.); Ibáñez, Barceló (3), Bernatonis, Grau, Iván Rodríguez (1), Santos, Nikcevic, Sánchez, Soljic (1).
Partzialak. 1-3, 3-6, 6-7, 11-10, 14-13, 17-14; 20-18, 23-20, 25-24, 27-25, 28-25, 32-27.
Epaileak. Ausàs i Busquets eta Florenza i Virgili. Bidasoa Irun-en aldetik, Rodríguez (2) zigortu dute; TM Benidorm-en aldetik, Vainstein, Soljic, Grau eta Barceló.
Bestelakorik. Plenitude ASOBAL Ligako bigarren itzuliko hasiera Artalekun, 1.235 zaleren aurrean.