Bidasoa Irun esku-hutsik itzuli da Cangas de Morrazon jokatu duen partidatik, azken segundoan Frigoríficos Morrazoren aurka galdu ondoren (27-26). Rodrigo Salinasen eta Matheus Francisco da Silvaren beste gol batekin gehi Mehdi Harbaouiren geldiketa baten ostean, Irungo taldea oso ondo sartu da neurketara, eta lehen partziala egin eta gutxira, 2-6 jartzeko baloiaz gozatu du. Agertoki horren aurrean, etxeko taldeak 5-1eko emaitzarekin erantzun du, Jacobo Cuétara entrenatzaile bidasotarrak bere lehen hutsartea eskatuz (10. minutua, 7-6). Konpondu beharrekoak konponduta, talde gipuzkoarra egonkortu egin da, eta pazientziaz horniturik, hamar minututan aldea berreskuratu du markagailuan Mihajlo Miticek egindako golari esker (21. min., 11-12). Horiak nagusi iritsi dira atsedenaldira, 13-16, bidasotarren lehen zatiko abantailarik zabalenarekin.
Asier Nietoren, min hartuta, eta Ander Ugarteren hutsuneekin (arrazoi pertsonalak medio, klubeko baimenarekin), talde irundarra lehen zatiko sentsazio onak berresteko asmoz kantxaratu da. Bide horretatik ekin dio bigarren zatiari eta Mikel Zabalak jarraian sartutako bi golek lau goletara eraman dute errenta (16-20). Etxekoen erreakzio txiki batek tartea murriztu du, baina Irungo taldeak nagusitasunari eutsi dio bi minutuko bi zigor ia jarraian jaso arte, bi jokalari gutxiagorekin ia minutu eta erdiz egonda, 21-22koa 24-23koa izan da. Hala ere, talde horiak ez du amorerik eman eta 26nako berdinketa lortzera iritsi da, nahiz eta hiru segundoren faltan porrota ekarri duen gola jaso (27-26).
Bidasoa Irunen hurrengo norgehiagoka astearte honetan izango da, Füchse Berlin talde indartsuak Artaleku bisitatuko duenean (20:45ean). Plenitude ASOBAL Liga, bestalde, Artalekura itzuliko da datorren astean, ostiralean Bathco Torrelavegaren aurkako neurketarekin (21:30ean).
Fitxa teknikoa
27 – Frigoríficos Morrazo (13+14). Díaz, Dorado (1), González (4), Del Arco (4), Gayo (2), Monteiro (6), Quintas (4); Forns, Fodorean (2 p.), Pérez (2), Simes (3), Soliño, Chaparro, Blanco, Aizen.
26 – Bidasoa Irun (16+10). Harbaoui, Cavero (5, 2 p.), Salinas (3, 1 p.), Francisco da Silva (1), Furundarena, Rodríguez (3), Zabala (3); Skrzyniarz, Azkue (2), Aginagalde (2), Mitic (3), García (4), Mujika, Gorka Nieto, Pacheco.
Partzialak. 2-4, 5-6, 8-8, 11-10, 13-13, 13-16; 16-19, 18-20, 21-22, 24-23, 24-24, 27-26.
Epaileak. Espino Guerra eta Navarro Baquero. Frigoríficos Morrazo-ren aldetik ez dute jokalaririk zigortu. Bidasoa Irunen aldetik, Francisco da Silva, Cavero eta Mitic.
Bestelakorik. Plenitude ASOBAL Ligako 17. jardunaldia O Gatañal-en, 1.700 zaleren aurrean.